Boluntarioen barne Estatutua
XEDAPEN OROKORRAK
1. Artikulua– AFEDEGI nortasun juridiko propioa
duen elkartea da, 1995eko martxoaren 6an sortua, irabazteko asmorik gabea
eta Euskal Autonomi Erkidegoko Elkarteen Erregistroan honako zenbakia
duena: AS/G/05297/1995.
2. Artikulua– Guztiok egiteko egitasmo eta jarduerak
garatzea da AFEDEGIren helburua, betiere 3/1998 Legearen eta bere Estatutuen
arabera.
3. Artikulua– AFEDEGIko boluntarioak 17/1998 Euskal
Herriko Boluntarioen Legeak arautuko ditu, bai eta Zuzendaritza Batzordeak
onartutako Barne Estatutuek ere.
4. Artikulua– Boluntario izatea eta bazkide izatea
bateragarriak dira, elkarte berean. Elkarte batean lan egiten dutenek,
edota elkarte horrekin lan-harremanak, merkataritza-harremanak edo bestelako
harremanak dituztenek ezingo dute lan hori egin eta aldi berean boluntario
izan.
BOLUNTARIOAK HARTZEKO ETA EGOZTEKO IRIZPIDEAK.
5. Artikulua– Boluntario izateko adin nagusikoa
izan behar da, gaitasun juridikoa eduki eta AFEDEGIk burutuko dituen egitasmoak
eta betebeharrak hartzeko gaitasuna izan. Era berean, hamasei urteko gazte
bat ere boluntario izan ahal da, baldin eta gurasoen edo tutoreen baimena
badu edota burujabetu bada.
Egitasmo edo proiektuaren arabera, beharbada ezagutza teknikoak edo titulazio
ofiziala edo pribatua beharko ditu.
Halaber, egitasmo jakin bat garatzeko gutxieneko gaitasun fisikoa eskatu
ahal izango zaio.
6. Artikulua– Boluntarioak AFEDEGIn sar daitezke
egitasmo edo proiektu baterako soilik edota egitasmo batzuetarako edota
soilik aldi baterako.
7. Artikulua– AFEDEGIk honako kasuotan kendu ahal
izango du boluntario egoera:
a. Estatutuak eta dagokion legeria begiratuta, bete beharrekoak bete ez
dituenean.
b. Sartu ondoren, gaitasun tekniko edo/eta fisikorik eza ziurtatzen duenean,
egiten ari diren edo egingo diren egitasmoak burutzeko.
c. AFEDEGIren giza helburuen aurkakoa egin duenean; AFEDEGIren aurkako
edota bazkideen aurkako adierazpenak egin edo gutxiespenak kaleratu direnean.
8. Artikulua– Kanporatzea idatziz emango da jakitera,
eta zehazki adieraziko dira horren zergatia edo zergatiak. Dena den, kanporatuak
eskubidea du helegitea aurkezteko eta erabakiaren aurkako frogak aurkezteko,
behin jakinarazpena hartu ondoren.
BOLUNTARIOEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK.
9. Artikulua– Boluntarioen eskubideak.
Honakoak dira boluntarioaren eskubideak:
a. Sartuko den organizazioan esku hartzea, haren helburuen, antolakuntzaren
eta funtzionamenduaren informazioa jaso ondoren; gainera, organizazioaren
barnean sortzen diren organoetan partaide izatea.
b. Esku hartuko duen programen diseinuan, lantzean, gauzatzean eta ebaluaketan
partaide izatea, eta boluntarioa den aldetik, organizazioaren inguruko
iritziak emateko aukera izatea.
c. Boluntario gisa egingo duen lanari dagokion laguntza teknikoa, formaziokoa
eta giza laguntza jasotzea, eta zein ekintzatarako den egokiagoa ikusteko
orientabidea jasotzea.
d. Boluntario jardunean bitartekoei eragindako kalte-galeren seguru baten
bermea izatea, legeak ezartzen dituen ezaugarri eta diru-kopuruarekin.
e. Boluntario jardunean izandako gastuen ordaina jasotzea, boluntarioaren
eta erakundearen artean hala erabaki bada eta akordioan aurreikusitako
mugen barruan.
f. Gauzatu beharreko ekintzek ahalbidetzen duten neurrian, jarduera horiek
ahalik eta gertuen egitea.
g. Tratu ez baztertzailea eta zuzena jasotzea, boluntarioaren askatasuna,
duintasuna, intimitatea eta sinesmena aintzat hartuz.
h. Burutu beharreko ekintza beharrezko segurtasun eta higiene baldintzekin
gauzatzea.
i. Gizarteari ematen dion ekarpena errespetatu eta aitortzea.
j. Aurrez esanda, boluntario izaerari libreki uztea.
k. Lege honetatik eta bestelako legeetatik boluntarioei dagokienez ondorioztatzen
dena.
10. Artikulua– Boluntarioen betebeharrak.
Honakoak dira boluntarioaren betebeharrak:
a. Ahal duen neurrian, sartzen den erakundea babestea, bertan parte hartuz.
b. Erakundearekin adostutako akordioak betetzea, helburuak eta araudia
errespetatuz.
c. Bere gain utzitako eginkizunak arretaz burutzea eta erakundeko arduradunen
aginduak betetzea.
d. Erakundeak aurreikusitako prestakuntza saioetan parte hartzea, ematen
diren zerbitzuen kalitatea betetzeko.
e. Boluntario jardunean jasotako edo ezagututako informazioa isilean gordetzea.
f. Jarduera batean bere menpe duen jendearen eskubideak errespetatzea.
g. Boluntario txartela eta erakundearen ikurra era egokian erabiltzea.
h. Bere ardurapean jarritako baliabide materialak zaintzea.
i. Oro har, boluntario lana lege honen 4. artikuluak dioenaren arabera
betetzea.
j. Boluntarioei dagokienez, lege honetatik eta bestelako legeetatik ondorioztatu
daitezkeen betebeharrak.
k. Hartutako segurtasun eta higiene neurriak betetzea.
INFORMAZIOA, PARTE HARTZEA ETA LANKIDETZA.
11. Artikulua– AFEDEGIk idatziz emango die boluntarioei
bere egitasmo eta proiektuen berri.
12. Artikulua– Boluntarioek esku hartzen duten egitasmo
eta proiektuen berri eman ahal izango dute, baita baloratu ere, txosten
idatziak eginez.
13. Artikulua– Boluntario guztiek eskubidea izango dute
identifikatu eta lan egiteko eskubidea emango dien txartela edukitzeko.
14. Artikulua– Boluntario guztiek eskatu ahal izango diote
AFEDEGIri boluntario moduan hor burututako zerbitzuen berri emango duen
agiria.
GASTUEN ORDAINA.
15. Artikulua– Euren lanak eragindako gastuak ordaintzeko
eskubidea izango dute boluntarioek; horretarako, sinatu duen lan akordioak
dioen moduan frogatu beharko ditu gastu horiek.
PARTE HARTZE AKORDIOA FORMALIZATZEA.
16. Artikulua– Boluntario guztiek sinatu
beharko dute akordio zehatz bat, non azalduko den bakoitzak zein programatan
edo zein proiektutan hartuko duen esku.
BOLUNTARIOEN ALTA ETA BAJA LIBURUA.
17. Artikulua– Boluntario guztien altak eta bajak
liburu batean adieraziko dira; bestalde, AFEDEGIk hala egin ez badu, boluntario
orok eska dezake bere alta edo baja liburuan adierazi dadila.
BOLUNTARIOEN BARNE ESTUTUAREN ALDAKETA.
18. Artikulua– Estatutu hau AFEDEGIk aldatu ahal
izango du bere osotasunean edo atal batzuetan.
Edozein aldaketa gertatzen delarik ere, une horretan alta emanda dauden
boluntarioei aldaketaren berri emango zaie.
|